XX. mendeko Euskararen Corpus estatistikoa

Testuingurua

Armillaria ostoyae (Romag.) Herink.

Sin.: Armillariella obscura (Schaeff.) Romag. - Armillariella polymyces (Pers: Gray) Sing y Cic. - Armillaria obscura (Sch.) Herink.

Nahiko espezie arrunta da Euskal Herrian, arrunta Nafarroako Pirinioetan.

Uda-udazkenean ateratzen da ihartutako edo gaitzak jotako Picea edo Abies-en enbor eta sustraietan.

Neurri ertaina du, bere txapelak 10-15 cm-rainoko diametroa izan dezake, hasieran ganbila da, gero lautu eta ondulatu samarra eta erdialdea sartua eta ertza hasieran biribilkatua du, gero matazatua errezel partzialaren hondarrez eta ildaxkatua gardentasunez.

Kutikula higrofanoa du, marroi-ilun kolorekoa eta ezkata arrexkaz estalia, erdialdean trinkoagoak eta kontzentrikoki jarriak.

Orriak hertsi samarrak, itsatsiak edo ia dekurrenteak, hasieran zurixkak, gero krema-kolorekoak eta arre-gorrixka koloreko orbanak.

Hanka, 10-15 x 2-2,5 cm-koa, zilindrikoa da, kurbatua soropilduta haztean, hasieran betea, gero leizetsua eta mintzezko eraztun zuria eta iletsu du, zuri goialdean eta arrexka behealdean.

Azala zurixka du eraztunaren gainetik eta ildaxkatua luzaran matazatua eta arrexka kolorekoa behealdean.

Mami zurixka eta mehea txapelean, zuntzezkoa hankan, usain ahula baina atsegina eta zapore gozoa.

Garrantzi praktikoa: Gainerantzeko Armillaria guztiak bezala, ale berriak bakarrik eta gainera ondo eginda jaten ez badira intoxikazio arinak eragin ditzakete, batez ere labean xigorturik edo erdi-gordinik jaten badira.

Armillaria guztiak ihartutako edo gaitzak jotako zuhaitzen sustraietan edo enborraren gainean ateratzen dira multzo soropildu handiak sortuz.

A. ostoyae espeziea Picea edo Abies-en gainean ateratzen da eta A. mellea (I. tomoa, 118. orr.). aldiz, Fagus, Quercus eta era askotako fruta-arbolen gainean.

Oharra: Armillaria mellea I. tomoan Armillariella mellea bezala azaltzen da, orduan genero horretan kokatuta baitzegoen.